Abiapuntua gogoan dugun irudi bat da: Maurizia Aldeiturriagak panderoa astintzen du eta Aupa, Maurizia! bere buruari oihukatzen dio. Kantatzen dituenetako asko kopla zaharrak dira eta beste hainbat inprobisazioz sortutakoak.
Abiapuntua gogoan dugun jarrera bat da: Aupa, Maurizia! oihukatuta Mauriziak bere
burua zaintzen du, Mauriziak, propio, bere buruari lekua emateko ariketa egiten du.
Irudi eta jarrera horretatik jaio da #MauriziakEzDauInorHil zuzenekoa. Euskalfolklore digitala argitara ekarri, eta kopla zahar haiek formatu berri hauekin harilkatzen ditu. Transmisio ariketa ere bada #MauriziakEzDauInorHil, izan ere, gugana iritsi daitezen eszenan lekua ematen zaie Mauriziaren egitetik jasotako doinu tradizionalei, kopla zaharrei eta ilunpetik argitara ekartzen diren orduko istorioei. Teknologia zahar eta berriek bat egiten duten leku horretan sortua da #MauriziakEzDauInorHil,
plazandreei gorazarre egiteko.
Historia idazten dutenen aurrean Aupa, Maurizia! oihukatzea ahalduntzearen jaiotza naturala izan zen. Gorputz orok ito dezakeen nahiaren eztanda da, espazioa sortu eta horretan lekua hartzea da, ni naiz edo gu gara ozen esatea da. Esentzia horrekin jaio da #MauriziakEzDauInorHil, presentzia gorpuzteko, kulturan besteari lekua egiteko eta leku hartze horren inertziak zalantzan jartzeko.
Euskal iruditegi kulturalaren eta folklorearen berrirakurketa bat proposatzen du #MauriziakEzDauInorHil proiektuak. Sustraietan ditu ahalduntze kolektiboa, elkarri lekua egitea, agentzia aitortzea, gurea den
orgia bat, gurea den akelarre bat, gure festa.
Gurea da #MauriziakEzDauInorHil
Maurizia ez naiz ni.
Baina, ni ere banaiz Maurizia.
Maurizia ez zara zu.
Baina, zu ere bazara Maurizia.
Maurizia ez gara gu.
Baina, gu ere bagara Maurizia
Musikariak: Lorea Argarate, Olatz Salvador eta Ines Osinaga Bideo proiekzioa: Itziar Garaluce